Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 4997 articles
Browse latest View live

Topaketa: Hizkuntza gutxiagotuen biziberritzea eta garapen iraunkorra

$
0
0

Irailean gaude baina uda ikastaroak ez dira amaitu. Irailaren 16 eta 17an izango da bat interesgarria EHUn, Donostiako Miramarko ikastaroetan. "Hizkuntza gutxiagotuen biziberritzea eta garapen iraunkorra" bi eguneko uda ikastaro edo biltzarra izango da. Bi matrikula mota: daude: Aurrez aurre egoteko Donostiako Miramar Jauregian, edo online zuzenean jarraitzeko Zoom bidez.

Helburuak honakoak dira:

  • Garapen iraunkorrerako lankidetzaren eta hizkuntza kooperazioaren arteko lotura azaltzea eta haien arteko harremanaren gaineko ezagutza zabaltzea.
  • Hizkuntzen biziberritze prozesuetan hain ezagunak ez diren ezaugarrietan sakontzea.
  • Hizkuntza gutxiagotuen garapen-balioa ezagutaraztea.
  • Euskal Herriko eta munduko hizkuntza gutxiagotuen (eta herrien) arteko elkartasun sareak ezagutaraztea eta berriak sortzea.
  • Hizkuntza gutxiagotuan oinarritutako hezkuntza eleaniztunen garapen-balioen ezagutzan sakontzea.
  • Hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxiagotuen aldeko ezagutzan sakontzea eta haiekiko sentiberatasuna indartzea.

Egitarauan, besteak beste: Garabide elkartea (Jon Sarasuarekin), Afrikako unibertsitate batetik bertako esperientziak, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren partaidetza, Patxi Baztarrika HPSko buru izandakoa eta beste batzuk.

Informazio gehiago, hemen.

Argazkian, Nasa herriko ordezkariak Euskal Herrira Garabidekoek gonbidatuta egindako bisita batean. Irudia, Kurutziaga ikastola.


Batu Ta Batu jokoa, lantzamendu komertziala

$
0
0

Erik Zubiria programatzaile eta diseinatzaile euskaldunak garatutako Batu Ta Batu jokoak lantzamendu komertziala izan du Xbox One, Switch eta Steam (PCrako) plataformetan. Ingelesez dago dokumentatua lantzamendua egin duen 2Awesome Studio enpresaren orrian, baina Game Erauntsiak jakinarazi duenez, euskaraz ere jokatu daiteke.  

 

Play Station 4-rako bertsioa ere badago, baina ez euskaraz. Gainerako bertsioetan, zenbait hizkuntza aukeran, katalana, txinera eta japoniera ere bai, esate baterako. 5 euro eskas kostatzen da erosketa. Horra aukeretan nola aukeratu dezakezun euskara:

Puzzle erako jokoa da Batu Ta Batu, kolorezko blokeak mugituz ariketa batzuk egitea da koxka: kolore berekoak batzea, funtsean. 10 modu ditu jokoak, eta ehundaka maila. Bakarka edo zenbait jokalariren artean jokatu daiteke (lau arte), baina presentzialki denok batera, ez baitago online bertsiorik oraingoz.

Erik Zubiria denetarako garatzailea da, diseinua grafikoko portafolio bat ere badu bere webgunean (EZSD.net) eta musika ere konposatzen du: Batu Ta Batu jokoaren prestatuko soinu banda Bandcamp-en dago. Oñatin sortua, Holandan bizi da Erik Zubiria eta bere lehen joko garapena da Batu Ta Batu.

Hemen joko erakustaldi bat, ordu laurdenekoa:

Biba Zuek, arratsaldeetako zuzeneko saio berria ETB1en

$
0
0

Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia bertsolari eta esatariak izango dira, irailaren 14tik aurrera, Biba Zuek ETB1eko arratsaldeetako zuzeneko magazinearen aurkezleak. Bi orduko zuzenekoa, 18.00ak eta 20.00ak artean, atzo aurkeztu zuen EITBk eta ETB1ren denboraldi berriaren ekarpen inportanteetako bat izango da.

 

Beste saio batean Maddalen Arzallusek adierazi duena, informazio baino gehiago entretenimendua izango da, baina aktualitate osagarriekin. Eta baita musika, umorea eta batez ere gonbidatu mordoxka bat.

EITBk zabaldutako oharraren arabera, programaren lehen partea talk-show-solasaldia izango da eta saio bakoitzean gai konkretu bat jorratuko dute. Kolaboratzaileak izango dituzte eta kalean ere izango dira, erreportaje eta zuzeneko emanaldiekin. Bigarren zatian, berriz, gonbidatu ezagun bati elkarrizketa egingo diote. Kolaboratzaileen izenen artean, bat aurreratu du Arzallusek: Iban Gartzia sare sozialetako bideo-sortzailea.

ETB1eko denboraldikon beste nobedade bat Itzulera saioa izango da, Agustin Ezenarrok aurkeztua, kirolari izandako pertsona ezagunekin jardunean. Parrillara hurrengo asteetan itzuliko diren programen artean egongo dira, bestalde, Barre librea, Herri Txiki Infernu Handi, Ahoz aho, Ur handitan eta beste batzuk. Koronabirusaren itxialdiaren garaian hasitako Eztabaidan saio jarraitu egingo du Klaudio Landarekin.

 

Bataio eta jaunartzeak, ukipen arazorik gabe

$
0
0

Itxialdiaren garaian birala egin zen irudi bat baino gehiago, apaizak ur pistolarekin baiatatzen haurrak, distantzia eta ukipen arazoak ebitatuz. Arreta apur batekin begiratuta, badirudi pixkat FAKE izan zirela irudi haiek. Orain, ordea, benetako gailu bat aurkitu dugu salgai: ostiak ukipen gabe banatzeko tresna. Jaunaren gorputza, bai; elkarren gorputzak ukitu gabe apaiz eta fededunen artean.

Hemen beheko irudiak benetakoak dira, haurtxoak, familiak, ur-pistolak eta apaizak egiazkoak dira eta halaxe nahita atera zituzten argazkiak.

Baina argazkien jatorriari erreparatuta, jakin dugu bi kasuetan bataio arrunta egin zutela, eta gero guraso eta apaizak adostu zutela oroitzapeneko txantxa-argazkia egitea. Kasu bat Minnesotakoa da, eta bestea Tennesseekoa; esteketan azalpen zehatzagoak daude.

Orain ukipenik gabeko ostia-emailea sortu dute, eta 99 dolarretan saltzen da ChurchSupplies.com webgunean. Apaizak eusten dio kirtenetik gailuari, eta katuari emanda, ostia bat askatzen da. 100 ostia arteko neurria du gailuak.

Zilindro gehigarriak ere gehitzen dira (fededun asko badituzu, ez ibiltzeko karga egiten 100 gastatzean), 28 dolarretan. Eta diametro egokiko ostiak ote dituzun kezkatzen bazaitu, neurri zehatzekoak ere saltzen dituzte ChurchSupplies-en.

Baina argazkien jatorriari erreparatuta, jakin dugu bi kasuetan bataio arrunta egin zutela, eta gero guraso eta apaizak adostu zutela oroitzapeneko txantxa-argazkia egitea. Kasu bat Minnesotakoa da, eta bestea Tennesseekoa; esteketan azalpen zehatzagoak daude.

 

Ortodoxia katolikoan, transusbtantziazioaren mirariak ostia benetan Kristoren gorputz bihurtzen du, baina horrekin birusak desagertzen ote diren argi ez dagoenez, ondo etor liteke gailua erabiltzea.

Akademiako aktibista zuri-beltzen eskandalu bitxia

$
0
0

Estatu Batuetako akademian eskandalu bitxi baina ez isolatu bat gertatu da irail honetan: ikertzaile eta aktibista afro-latino bati maskara kendu diote; ez afro, eta ez latino, europar jatorriko emakume zuri bat zen. Egun gutxitara, maskara bera erori zaio Black Lives Matter mugimenduan zebilen beste emakumezko bati. Azal beltzaran eta ile kizkurraren atzean, ispilu aurreko langintza estetikoa zegoen, eta identitate-iruzura.

Kasu sonatuena Jessica Krug historialariarena da. Aitortza mezua idatzi zuen Medium-en irailaren 3an, gogorra terminoetan, baina damu espontaneo baten ondorio baino, bere jokabideari igarria ziotelako dela uste da. Identitate lapurreta laster izango zen publiko, eta aurreratu egin zen Krug. 

Jessica Krug irakasle zen George Washington Unibertsitatean (Washington DC), eta normalean afro-latino gisa agertzen zen, inoiz Afrikako beste komunitate batzuekin ere halako lotura difuso batzuk aldarrikatu arren. Ez zuen horretatik ezer: Kansas City-ko komunitate judu zurian hazitako pertsona bat zen. Urteetan, eskolak eman eta artikuluak eta liburuak idatzi ditu belztasuna, arrazialtasuna eta halako kontuez. Jessica La Bombalera gisa ere agertzen zen sarri. Liburu baten eskaintzan aipatu zituen "nire arbasoak, ezezagun eta izengabeak" eta "my barrio" ere bai.

Dena gezurra zela esatearekin batera, kantzelazioa merezia duela dio Krug-ek orain, berak ere kantzelatuko duela bere burua. "Horrek zer esan nahi du? Ez dakit". Auto-kantzelazio kontzeptu berri eta bitxia, kantzelazio kulturaren nahaspila honetan.

Krug-en kasuaren ondoren, CV Vitolo izeneko aktibistari iritsi zaio txanda. Kasu honetan, pertsona hau oso aktiboa izan da Wisconsingo Madisongo Unibertsitatean, Black Lives Mugimenduan eta antzeko ekintzetan. Medium bitartez egindako salaketa anonimo batek jarri du agerian nor den (ingelesez ulertzen baduzu, adi, they singularrarekin dago idatzia guztiz, ez du she/he izenorderik erabiltzen Vitolo aipatzeko). Ondoren, barkamen testu labur bat etorri da.

CV Vitolo delakoak ondo definitu gabeko jatorri arrazial bat aipatzen zuen (batzuetan ipar-afrikar edo arabiarra, beste batzuetan afro-beltza nolabait) eta, beti diskriminazio eta jazarpenak jasan izan dituela aipatu. Baina egia desberdina zen kasu honetan: lau aitona-amonak italiarrak ditu eta Floridako etxe aberats batean hazi zen.

Kasu bietan ageri diren parekotasun psikologiko batzuk Vitoloren kontrako mezutik atera ditugu:

  • "Beti biktima estatus bat aldarrikatzen, baina beti detaileetan ñabardurak aldatzen".
  • "Beltzen borrokarekin konpromisoa bai, baldin eta horrek kapital soziala irabazten duten; baina ez aski konpromiso eta elkartasun non beraiek ez diren erdigunean protagonista izango" (...) "Ezin beltzen askapenaren alde egin, norbera puntu fokala bihurtu gabe".
  • "Zuritasuaren muturreko adibidea, zurien jabetzakoa berez ez den espazio eta esperientzia bakanak ere kapitalizatu egin behar probetxu ateratzeko".

Duela urte batzuk publiko egin zen Rachel Dolezal beltz faltsuaren istorioarekin ere lotu da kontu hau. Inpostore honen kasuan, trans-arraza kontzeptua ere lantzen saiatu izan da Dolezal defentsa eraiki nahian...

Goiko irudian, Jessia Krug makillaje egokituarekin, eta argazki normalago batean. Behean, gauza bera CV Vitoloren kasuan.

Bizum bidezko ordainketak posible dira jada webguneetan, adibidez Erran.eus-en

$
0
0

Erran.eus agerkari lokalak ordainketa modu berria ezarri du bere webgunean eta Ttipi-Ttapa aldizkarian urtebetetze zoriontzeak argitaratzeko: Bizum bidez. Tokikom Plataforma darabilen webgunea da Erran, eta CodeSyntax-ek egin du egokitzapena. Ordainketa plataforma batekin konexioa doan (ia) edozein webguneren esku dago jada Bizum bidezko kobraketa egiteko modua, merkataritza elektronikoa erraztu dezakeen kontu bat. 

Espainiako zenbait banketxek partekatzen duten ordainketa sistema mugikorra da Bizum, eta Hego Euskal Herrian hedatuen dagoen mugikorreko ordainketa sistema da. Merkataritza elektronikorako aukera hau ez dute Bizum-en integratutakjo entitate guztiek eskaintzen, baina laster hedatuko dela uste dugu. Kutxabank eta Caixabank-ek (Nafarroan CAN irentsi zuen erakundea) eskaintzen dute jada aukera eta Laboral Kutxak laster eskainiko duela iragarri du.

Merkatariaren aldetik, "ordainketa pasarela" edukitzea da kontua. Halako bat garatua badu, eta bere banketxea Bizum aukera berri honetara egokitua badago, urrats gutxitan konfiguratuko dute aukera berria informatikariek. Kasu honetan, Erran.eus-ek bazuen lehendik ere ordainketa sistema (txartelez eta Paypal bitartez egitekoa), eta hortaz aukera bat gehitzea izan da kontua.

Eroslearen aldetik, Kutxabank eta Caixabank-en Bizum bertsioak edukita, lehen urrats bat egin behar du erabiltzaileak: gako pertsonalizatua lortu. Lehen erosketa egiten duen unean bertan egin dezake, edo Bizum baduzu zure patrikan, orain egin eta gero nahi duzunean erabili.

Zure Bizum aplikazioan ireki eta han egon behar du aukera gakoa lortzeko. Zuk zeuk aukeratu dezakezu 4 zifrako sekuentzia. Sekuentzia hori dakizunean, erosketak egin ditzakezu Bizum onartzen duten tokietan, eta hori egiteko ez duzu behar aplikazioa duen telefonotik jardun beharrik. PC batean web nabigazioa eginez egin dezakezu erosketa, eta eskuan duzun Bizum-dun telefonoa baieztapena bideratzeko erabliko duzu.

Erran.eus-eko zorion-agurren kasuan, ezkontza eta jaiotza oharrak desgaituta dituzte, baina urtebetetze ohar bat enkargatu dezakezu. Guk geuk hori egin dugu, sistema instalatu ondoren, badabilela probatzeko. Hemen emaitza. Prozesua honela da, kasu honetan: zoriontze oharra prestatu, eta ordaintzera pasatu. Beste webgune batean erosketa saskia betetzea litzateke, eta gero ordaintzera pasatu. Kasu honetan, erosketa saskia 5 edo 10 eurokoa izango da, segun eta argazkia handi ala txiki agerrarazi nahi duzun. Erosketa egiteko orduan, Bizum bidez egiteki aukeratzen baduzu, interfaze hau agertuko zaizu webean:

Zure telefonoa eman, eta gorago aipatu dugun zure Bizum gakoaren lau zifrak aukeratu. Ordaintzeko emandakoan, beste urrats bat:

Mugikorrean SMS bat jasoko duzu zenbaki-kode batekin, eta horixe sartu behar duzu. Egina geratzen da horrela. Prozesuan, Erran.eus kasuan, e-posta mezu bat ere jasoko duzu ordainketa bideratu dela baieztatuz. Prozesuan ez dago komisio kobraketarik ez eroslearentzat ez merkatariarentzat.

Oscarren akademiak "talde azpi-ordezkatuentzako estandarrak" definitu ditu, Film Onenerako sailkatzeko

$
0
0

Arrazaren kontua korapilatsu dago AEBetan. Identitate lapurretaren azken kasuarekin batera, Oscarren akademiak jakinarazi du "estandar" batzuk bete beharko dituztela etorkizunean filmek, Film Onenaren kategorian lehiatu nahi badute. Talde azpi-ordezkatuei (underrepresented groups horrela itzuli dugu; arauetan gehien errepikatzen den terminoa da) toki egitea Hollywooden. hori omen da asmoa. Kritikak murriztea, bide batez. Zuzentasun politikoaren diktadura aipatu duenik ere bada: adibiderako, Espainiako El Mundo egunkariaren irudikapen hau. Oscarra gutxiengoen atributu guztiekin.

Neurrien ezarpena ez de berehalakoa, 2022. eta 2023. urteetan, film bat aurkeztu nahi dutenek txostena aurkeztu beharko dute (ebaluaziorako nonbait, ez filma sailkatzen den edo ez erabakitzekio), eta 2024. urtekoetan, jada, lehian sartzeko, txostenak demostratu beharko du estandarrak neurri batean betetzen direla.

Estandarrek baldintza multzo zabal bat deskribatzen dute, bakoitzean zenbait azpi-baldintza aipatuz, eta ez dira guztiak betetzekoak, neurri jakin minimo batzuk eskatzen dira, eta baldintza batzuk alde batera utzita ere, beste batzuk betez ematen duzu maila.

Academy of Motion Picture Arts and Sciences delakoak jakinarazi ditu "estandar" horiek. Guk Variety aldizkarian topatu ditugu, eta hona euskaratu ditugu halamoduz. Lau estandar dira (A, B, C eta D), eta bi bete behar dira. Bakoitza betetzeko aukera desberdinak daude halaber (D kasuan salbu).

A estandarra: pantaila agerpena

Hiru parametrotan neurtuko da, eta estandarra gaindituko da baldin eta horietako bat betetzen bada. Hauetxek:

A1. Aktore protagonista edo nagusien artean, egon behar da talde hauetariko jendea: asiarra, hispano/latinoa, beltz edo afro-amerikarrak, indigena edo natibo amerikarrak, Ekialde Erdiko edo Ipar Afrikako jendea (magrebtar edo arabiar ez esatearren), hawaiar edo Pazifikoko biztanleak, beste arraza edo etnizitate azpi-ordezkatu batzuk.

A2. Aktore multzoaren %30a, lehen mailakoak saldu, halako bi talde hauetako jendeaz osatuta egon beharko dira: emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea.

A3. Istorioaren gaia edo narratiba jalako 2. puntuko taldeetako batean fokatua egotea.

B estandarra: Ekoizpen taldearen osaketa.

Aurrekoan bezala, 3 puntu eta hauetarik bat betez gero, estandarra gainditu duzu.

B1. Honako postu nagusi hauetan, lidergoa edo atalburua talde azpi-ordezkatu batekoa izan behar da. Ardura postuak dira: Casting zuzendaria, argazkigintza, musika konposizioa, jantzien diseinua, zuzendaria, editorea (montatzailea), ile-apainketa, makilajea, ekoizlea, ekoizpen diseinatzailea, set dekoratzailea, soinua, VFX arduraduna (efektu bisualak), gidoia. Eta talde azpi-ordezkatu gisa definituak: emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea.

Eta ardura postu horietan, halaber, arraza-etnia zehatzeko gutxieneko pertsona bat eskatzen da, goragoko azpi-zerrenda berarekin: asiarra, hispano/latinoa, beltz edo afro-amerikarrak, indigena edo natibo amerikarrak, Ekialde Erdiko edo Ipar Afrikako jendea (magrebtar edo arabiar ez esatearren), Hawaiar edo Pazifikoko biztanleak, beste arrazo edo etnizitate azpi-ordezkatua.

B2. Beste talde-postu eta lan tekniko batzuetan (ekoizpen laguntzaileak salbu, sei pertsona behar dira gutxienez arrazo edo etnizitate gutxi azpi-ordezkatu batekoak.

B3. Oro har, filmeko langile multzoan %30 izan behar da talde azpi-ordezkatu batekoa: emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea.

C estandarra: Industrian aukerak zabaldu

Bi baldintza, eta biak bete behar dira.

C1. Ordaindutako beka eta ikasketa aukerak.

Azpi-ordezkatutako taldeetan (emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea), profesionalak garatzeko beka/ikasketa programa jarraituak behar dituzte ekoizpen etxeek. Major edo ekoiztetxe handien kasuan, atal nagusietako gehienetan (garapena, ekoizpena, efektuak, post-ekoizpena, erosketak, finantzak, banaketa, marketin eta publizitatea). Ekoiztetxe txikiago edo independenteen kasuan, programak gutxienez bi bekadun beharko ditu izan atal nagusi batean bederen.

Beka edo ikasketa hauek ordainduak izan behar dute.

C2. Formakuntza aukerak below-the-line.

Filmaren ekoizle, banatzaile edo finantziatzaileek lan eta formakuntza aukerak eskaini behar dizkiete talde azpi-ordezkatuei (emakumezkoak, arraza edo etnia taldeak, LGBTQ+ jendea, desgaitasun fisikoa duen jendea), Hollywood-eko industrian below-the-line esaten duten lanetarako (lehen mailako ekoizpen, zuzendaritza, gidoia eta halakoak goragokoak dira, above-the-line).

D estandarra. Audientzia lortzeko lanak

Puntu bakarreko eskaera: marketing, publizitate eta banaketan jende kopuru nabarmen batek egin beharko du lan, talde azpi-ordezkatuetakoak (gorago izendatutako guztiak, funtsean).

Twitterretik irudiak Wikipediara kargatzeko modua

$
0
0

Erraza egiten zaigu argazkiak partekatzea sare sozialetan, baina ez hainbeste (borondatea izanda ere) Wikipediara kargatzen, non benetan argazki libre eta berrerabilgarri eta partekagarri bihur ditzakegun gure argazkiak. Handik, euskarazko Wikipediak edo beste edozein hizkuntzatakoak erabil ditzake irudiok. Tresna bat aurkitu dut Twitterretik bederen argazkiak Wikipediara igotzeko, eta tutorialtxo bat prestatu dut.

Batetik, kontuan izan Wikipediako argazkiak (eta beste fitxategi multimediatikoak) kargatzen direla Wikimedia Commons deritzon tresnan. Bestetik, Twitterretik igo behar badituzu irudiak, zeureak izan daitezela. Hau da, ez igo zuk Urliak txiokatu duena, eta zuk txiokatu baduzu irudi bat, zeuk egina izan dadila.

Goiko ñabaradurak kontuan harturik, zera egin:

Irudi bat edo irudi zerrenda agertuko da, eta bat igotzeko ematean beste interfaze hau.

  • Requested for Basque wikipedia.jpg
     

Izenburu eta deskribapenaz gain, idatzi mesedez Add category atalean: Requested for Basque Wikipedia eta beste kategoria izenik, egokirik baldin badakizu. Era berean Permission atalean, zurea bada argazkia, kortxete arteko {{own}} jarri.

Tresna erabili duen lagun bat David Montero teknofilo arabarra, zeinak Araba Herriz Herri ekimenean ateratako irudiak ari den igotzen Commons-era. Horrela, bere irudiak aprobetxatu daitezke artikulu desberdinak ilustratzeko. Adibidez:Osma / -uri atzizkia.


Euskaldunon geneetan "efektu fundatzailea" aurkitu dute, duela 2.000 urtekoa

$
0
0

Genetikako "gertarera fundatzaileak" aurkitzera zuzendutako azterketa sakon batek, euskaldunei dagokien datu bat ere aurkitu du. Efektu fundatzaile handi bat gertatu zen euskaldunen artean, duela 2.500 eta 1.700 urte artean. Europako beste komunitate batzuetan ere topatu dira, baina ez dira garai berekoak (gehienak lehenagokoak dira, eta judu ashkenaziena berriagoa).

"Founder Event" edo "gertaera fundatzaile" delakoak aztertzeko teknika bat garatu dute (ASCEND izenekoa), eta milaka genoma aztertuz kalibratu dut, gizakiengan, eta txakur arrazetan ere bai.

Gertaera fundatzaile bat zera da: talde jakin batek multzo txiki batean eta garai zehatz batean sortutako efektu fundatzaile baten aztarna genetikoa duela. Azterketa hau izan baino lehenago, talde jakin batekin ondo dokumentatua zegoen auzia, judu ashkenaziak. Europako ekialdeko talde juduek Erdi Arotik honako efektu fundatzaile baten aztarnak erakutsi izan dituzte, dela hasieran gutxi zirelako, edo endogamia handiko taldeak direlako, zenbait aztarna genetiko (gaixotasun batzuk barne) oso presente zeuden talde judu honetan. Hau da, efektu fundatzaile baten unean aniztasun genetikoa txikia zelako.

Gertarea fundatzailea zein den ez du argitzen ikerketak, salbu eta txakurren kasuan. Motibo desberdinak izan daitezke:

  • Biztanlego murrizketa katastrofiko bat, botila-lepo genetiko bat ezar dezakeena...
  • Migrazio bat uharte batera, non talde fundatzaile bat isolatuki garatu den harrezkero.
  • Isolamendu geografiko edo kultural bat...

Txakurrekin errazagoa da efektu fundatzaileak asmatzea: duela 25 belaunaldiko egoera bat ikusi dut hainbat arrazatan, Bretainia Handiko garai viktoriarreko arraza bereizketa historikoekin lotzen dute.

Europako populazioen kasuan, ashkenazien kasuaz gain, sei populazio modernotan aurkitu dituzte "gertaera fundatzaileen" aztarnak: lituaniar, estoniar, bielorrusiar eta finlandiar populazioen kasuan, duela 4.500-5.000 urteko jatorri batean kokatu dute, Kordoi-zeramikako Kultura eskualde haietan kokatu zen garaiarekinhedapen indoeuroparraren lehen uhina lotzen da kultura harekin, baina egungo populazio horietan, finlandiar eta estoniarrak ez dira indoeuropearrak... Beste populazio bereziak sardiniarrak eta euskaldunak dira. Sardiniarren gertaera zaharrafoa da, duela 3.400-4.900 urte bitartekoa (lotzen da Kanpai-formako ontzien kulturaren ezarpenarekin), eta euskaldunona da berriena, duela 2.500 eta 1.700 urte artekoa, Erromaren zabalkundearekin bat egiten duelarik.

Nola ulertu hori? ikertzaileek ez dute hipotesirik lantzen, baina Razib Khan genetistak irakurketa bat egin du: edozein motibagatik, Erromatarrak iritsi zirenean, Akitaniarrak talde etnokultural esklusiboa (besteengandik bereizia) bilakatu ziren, non eta beste inguruko kulturak (iberiarrak, zeltiberiarrak) erromatartu eta nahastu ziren. Khanek ez ditu espreski aipatzen baina akitaniarren ondoan, baskoiak ere aipa ditzakegu, eta inguruko besteen ondoan, baita galiarrak ere.

Hipotesi honek indartu egiten du aurretik beste ikerketa batzuek emandako datu genetikoak: Erromaren iritsiera baino lehen, Iberiako populazioen itxura genetikoa oso berdintsua zen, Euskal Herriko aztarnak barne, baina harrezkero bereizketa argi bat dago.

Euskara deitu dezakegunaren formazio urteekin ere bat egiten du datak.

Azterketatik, bi grafikoren parteak argibide batzuekin osatu ditugu.

 

 

 

Radar Covid aplikazioa euskaratzeko urratsa

$
0
0

Covid-19 gaitzarekin izandako kontaktu hurbilak detektatu ditzakeen Radar Covid aplikazioa euskaratzeko urratsa egin du informatikari euskaldun batek, Mikel Larreategik. Espainiako Gobernuak bultzatzen du aplikazioa, eta martxan jarri zutenean, gaztelaniaz eta ingelesez bakarrik zegoen (izan ziren protesta batzuk). Gaur gaurkoz, katalanez ere badago, eta galizierazko eta euskarazko bertsioak asko prestatu ziren arren, GitHub biltegi publikoan daude. Ez dago euskaratzaileen edo Github-eko ekarpen egileen esku aplikazioan benetan euskara agertzea. Espainiako Gobernuak edo harentzat lan egiten duten zerbitzu informatikoek egin beharko dute hori.

Googlek eta Applek emandako erraztasun batzuekin, pribatutasunerako baldintza egoki batzuk betetzen ditu Radar Covid-ek, kodea aztertu dutenek diotenez. Funtsean, aplikazioak eskatzen dizu Bluetooth aukera piztuta eramateko jendartean zabiltzanean, eta horrela elkarrengandik gertu egon diren telefonoen erregistro bat osatzen doa, baina kode anonimoekin. Aplikazioa darabilen norbaitek positiboa eman badu, haren kodea aktibatuko da, eta abisua jasoko dute beste telefono jabeek: ez norekin ez non gurutzatu zaren gutxienekoa da; kontaktu jarraitu edo puntualgo batean egon zarela abisatuko dizu aplikazioak, uste dugunez.

Espainiak aplikazioaren bertsio bat jarri zuen martxan abuztuan, ohi bezala estatuaren elaniztasunari muzin eginda: gaztelaniaz eta ingelesez. Aplikazioa Espainiako Google Play eta Apple dendetan ezarri dezakezu, baina jarraipen zehatza egiteko, erkidego autonomoen inplikazioa behar da. Nafarroan ba omen dago jada jarraipena (astelehenean aktibatu zela iragarri zuen foru gobernuak), baina Eusko Autonomia Erkidegoan ez, eta ezarriko duten ere ez dakigu. Nolanahi ere, ezartzen denerako, edo batetik bestera mugitzen bazara, gomendagarria izan daiteke jada instalatzea, Nafarroatik kanpo bazaude ere eta oraindik euskaraz ez badago ere.

Izatez, euskaratzea iritsiko ote den pantailetara... ez dakigu. Github biltegian Espainiako Gobernuak askatu zuena ez da zehazki telefonoetakoa: ez dago ingelesezko edo katalanezko itzulpenen arrastorik. Beraz, horiek beste nonbaitetik integratu dituzte. "Integrazio" hori non eta nola egin duten... han egin beharko da, egitekotan, euskarazko fitxategi berrien gehikuntza eta konpilazioa.

Radar Covid instalatzeko:

Kodea: https://github.com/RadarCOVID / Euskaratzea: https://github.com/RadarCOVID/radar-covid-android/pull/24

 

 

Onlyfans: porno pertsonalizaturako harpidetza sistema arrakastatsua

$
0
0

Pandemiaren garaian, bereziki itxialdi ia globalean, online negozio batzuek aurrera egin dute. Netflix da adibide ba t, diotenez. Ikaragarriko hazkundea izan duen beste zerbitzu bat OnlyFans da, porno pertsonalizatua saltzea uzten duen zerbitzu bat: martxotik, %75eko hileroko hazkundea ari da izaten irabazi eta erabiltzaileetan.

 

Harpidetza pertsonalen bidez funtzionatzen du OnlyFans-ek. Sortzaile bakoitzak, prezio, epe eta zerbitzu batzuk iragartzen ditu, eta erabiltzaileek harpidetza erabaki dezakete. Sortzailea, kasu honetan, norberaren pornoa ekoizten duen pertsona izan ohi da, emakumezkoak asko, baina gizonezkoak ere.

Neurri handi batean, Reddit-en itzalean hazi da OnlyFans. Auto-porno kanalen ugaritasuna handia da Reddit-en: norberak bere buruari egindako argazkiak partekatzen gozatzen duen jende asko dago, eta kontsumitzaileak zer esanik ez. Amateur horietako askok eboluzionatu dute OnlyFans-era: irudi muestra bat erakutsi Reddit-en, baina jario "gogorragoa" edo ugariago eskaini OnlyFans-en, eta baita ere eskaera pertsonalak atenditzeko aukera.

Hemen eskaintza baten partea:

  • Eguneroko irudiak, biluziak eta abar
  • Astero bideo tematikoak.
  • Zakil argazkia bidaltzen diozu, eta komentario pertsonalizatuarekin erantzun.
  • Hilabeteko harpidetza, 14 euro, eta tarteko prezioak iraupenaren arabera, urtebetekoa 120 eurotan izan arte.

Goiko saltzaile honek doako kontua ere badu, preview gisa materiala ikus dezazun: Klik egin lasai hemen, edukia doan da, baina alta eman behar duzu OnlyFans-en biluziak ikusteko, beraz SFW.

Neska baten estekak erakutsi dizkizugu, hemen beste bat gizonezko batena. Pertsonaia famaturik ere gehitu da negozio honetara: ez bakarrik porno izarrak, baita Cardi B rap kantaria ere. Bestalde, prostituzioaren sektorean ere sexu-langile askok erabili izan dute pandemiako hilabete hauetan urrutiko sexu birtuala saltzeko

Harpidetza oinarrizkoez gain, kontsumitzaile-sortzaile tratu pribatuak ere egon daitezke; propinak eta banan banako transakzioak, item pertsonalizatuak lortzeko. Egile batzuek bideo-deiak ere egingo dituzte bezeroekin, baina beste batzuek ez.

Porno-sortzaile amateur asko sortu ditu OnlyFans-ek, baina asko profesionalizatzen ari dira, diru-iturri handia izan daitekeelako. Twitterreko hari honek deskribatzen du top-topean dagoen sortzaile baten lana: eduki eta post-orduan analisiak, publizitate kanalen ebaluazioa, Excel orriak, sortzaileen arteko foroak...

 

Film zahar ikusgarriak, 4ik bereizmenera berriztuak

$
0
0

19. mende amaierako eta 20.aren hasierako film historikoak digitalki berrizteko lana hartu dute azken hilabeteotan Denis Shiryaev garatzaileak. 4K definiziora eta segunduko 60 fotogramatara egokitu ditu lanak, kasu batzuetan koloreztapena eta soinu-bandak (asmatuak) gehituz. Youtubeko pantaila-errepodukzioekin ez dugu kalitate hori guztiz gozatzen, baina hala ere berregiketak oso interesgarriak dira.

Shiryaev-ek egiten duenak tranpa puska bat du: algoritmikoki hobetutako filmak dira, nolabait. Zerbitzu bat jarri du martxan komertzialki trebezia hori ustiatzeko (Neural Love), baina gainerakoan irudiak nola moldatu dituen ere gardentasunez adierazi du:

Hala ere, batzuetan jatorrian definizio berezia duen materiala ere lortu du. Halakoxea da New York-eko Museum of Modern Art edo MoMA museoarekin duela egun batzuk garatu duen film interesgarria. Tren hegalaria deitu dio museoak berriztapenari, eta Wuppertal hiriko tren esekitik dago grabatua, 1902. urtean.Bereziki inpaktatzen du, garraio sistema zahar hark izaera futurismo anakroniko bat dakarrelako irudietara. Wuppertal Schwebebahn deritzon tren esekiak bagoi eta azpiegitura berriak ditu, baina funtsean 1901ean ireki zen lerro bera, 13 kilometrokoa, egiten du gaur egunean ere (II. Mundu Gerragatik etena egon zen zerbitzuan).

Kasu honetan, jatorrizko kalitatea handia zen 68 milimetroko film kimiko bilduma bat eskuratu zuelako MoMAk duela urte batzuk: Biograph konpainiaren artxiboa, Estatu Batuetako lehen ekoizpen etxeetako bat. Material horren gainean egin du Shiryaevek lana goiko bideoan.

Beste adibide bat, Mosku 1896. urtean:

 

 

Mulan zaharra, Mulan berria, ura bere bidean

$
0
0

Disney etxearen marketin apostu handi bat izan zen duela 20 urte pasa Mulan animazio filma, Txinako kondairen kontestuan oinarritua. 2020 honetan berriro marketin apostu inportante bat egin dute Mulan berriarekin, baina inplikazioak desberdinak dira, eta kritika ugari jaso dute. Gauza pare batean ez da aldatu Disney Mulan zahar eta berriaren artean: dirua egitea da funtsezkoa, eta euskaratzeko politikarik ezta pentsatu ere. Azken puntu horri dagokionez, behintzat, boluntarioek egin dute lana: Mulan zaharrak zein berriak, biek dituzte azpidatziak euskaraz.

Mulan 2020koa hezur-haragizko aktorez egina dago, baina efektu digital fantasiazkoak ez dira falta. Spoilerrik eman gabe, esan dezagun 1. parteko dragoitxo txikia ez dela agertzen, baina sorgin-izaki transformatzaile fantastikoak bai. Istorioaren aldetik, nolabaiteko erreibindikazio feminista hori errepikatzen da: emakume bat gerlari izan daitekeela. Baina, noski, nolako kontestuan: gerra egiteko kontestu militar, erabat biolento eta maskulino batean.

Kontestu horri gehitzen zaio 2020an akaso aurrekoan baino karga ideologiko txinatar handiago bat: botere zentralaren eta Txinaren nagusitasun etiko-kulturala, eta Txina gorpuzten duen ordena etiko horrekiko fideltasun eta zintzotasunaren balioa, ez esateagatik estatuarekiko obedientzia kolektiboa...

Filmaren gai horiek Txinako egungo politikarekin lotu dituzte boikota eskatzen duten talde batzuek: Hong Kong-eko egoerarekin eta Uigurren errepresioarekin lotu daitekeela filmaren mezua. Bereziki, Liu Yifei aktore protagonistak Hong Kong-eko poliziaren alde hitz egin du (protesten kontra, beraz), eta horregatik goiko irudian irudikatutako protesta irudia. Dena dela, Hong Kong-ekoa baino latzagoa izan daiteke Uigur herriarekiko erreferentzia. Mulan 2020ko gaiztoak, iparraldeko nomada maltzur batzuk dira, eta haiengandiko defentsa zibilizatua, filmean goraipatua, aitzakia bat izan daiteke politika asimilatzaile zapaltzaileak justifikatzeko: bereziki gogorrak azken urteetan Uigur herriaren kontra Xinjiang eskualdean, eta berrikiago hizkuntzaren kontrako neurri murriztaileak Barne Mongolian.

Txinako agintaritzaren ideologia politikoaren isla zuzen-zuzena eta disimulurik gabea ikustea Disney produktu batean logikoa da. Hain zuzen ere, Mulan orijinala merkatu erraldoi hartara begirako jokaldia izan zen, eta harrezkero, oro har Hollywood-ek asko zaindu du Txinan. Diotenez, baita arraza aniztasuna murrizteko orduan ere: Txinako merkatu interesak zainduz, azal zuriagoak hobesten dira aktoreen artean harako produktuetan.

Disneyren interes ekonomikoak hortik doaz, beraz. Bestalde, beste marketin ekintza nolabait esperimentala ere egin Disneyk Mulan 2020-rekin: estreinaldia bere streaming plataforman (Disney +) egin du, eta ez gainera ohiko edukien artean, baizik eta estra berezi bat kobratuz.

Jokaldia ondo irten zaiela dirudi. Hori bai, streaming plataformetako estreinaldi guztiak bezala, BitTorrent sareetara berehala banatu da edukia, eta horrek permititu izan du euskaldun batek euskarazko azpidatziak sortzea. Torrentetakoa jaitsi eta euskaraz ikusi nahi baduzu, horra aukera. Hori legalki egiteko biderik ez du eman sekula Disneyk orain artean, eta etorkizunean ere aldatuko denik ez du traza handirik.

Euskaraz hemen: Mulan 1998 eta Mulan 2020.

Lehen hezkuntzarako gomendioak, Covid eragina dagoen tokietan

$
0
0

Gaur greba deitua dute EAEko ikastetxeetan hainbat sindikatuk, Covid-19 pandemiaren kasuan neurri eraginkorrak eta inbertsioak eskatzeko (besteak beste). Hona, sarean gaur aurkitutako dokumentu-laburpen baten grafikoa ekartzen dizuegu euskaratuta. Lehen hezkuntzarako (12 urte arte) Harvard Unibertsitateko institutu batek egindako gomendioen laburpena da. Zera da ondorioa: asteroko positibo kasuen intzidentziarekin, Nafarroan ez litzateke ikastetxerik zabaldu behar, eta EAEn doi-doi.

Harvard Global Health Institute delakoaren txostena uztailean prestatu zen. Erresilientziazko irakaskuntza baten beharra proposatzen zen: funtsezkoa zela lehen hezkuntza martxan izatea, eta horretarako parametro batzuk definitzen zituen. Faktore desberdinak aipatzen dira, baina nagusia zera litzateke, asteko kasu berriak 100.000 biztanleko.

Horren arabera, horra gomendioak:

Asteko kasuak 100.000 biztanleko... Datua aurkitu dugu, autonomia erkidegoen mailan, Espainiako Gobernuaren taula honetan, irailaren 14ko datarekin. Nafarroan 302.65ekoa zen tasa (onargarria den maila gorenaren bikoitza), eta EAEn 165.73koa, maila laranjan baina gorritik gertu (probintziaka ikusi beharko zen).

Harvard-eko ikerketak zera ere gehitzen du: "Inportantea da metrika hau beste batzuekin lotzea. Beste metrika horiek lirateke: kasuen joera, hildakoen kopuruen joera, ospitaleratze berriak, egindako testen positibo portzentaiak, asteko neurri ertainetan ikusiak. Hildako eta ospitaleratze kasuak agerrarazi dezakete non egin den test gutxiago, eta horregatik agertzen direla katxu gutxiegi. Positiboen neurria %10etik gora badago, kontaketa behetik egiten ari den seinale izan daiteke (probabilitate handiarekin).". Hain zuzen ere, Gobernuaren PDF horretan positibotasun maila ere badago:

  • Nafarroan, irailaren 4tik 10erako astean, %10.1ekoa izan zen.
  • EAEn, tarte berean, %8.2koa.

Hau da, zantzuak daude kasu berrien portzentaia esandako 302/165 horietatik gora izango direla pentsatzeko.

Partekatu nahi izanez gero, horra grafikoa bere tamaina originalean, eta dokumentu editagarri gisa.

Peloton: Internetera konekaturiko gailuetan arrakasta izan duen ideia

$
0
0

Gure gertuko erdaretan Peloton esaten diote txirrindularitzako Tropelari, baina bada beste Peloton bat, Tourrean egun hauetan ikus dezakegunaz aparte, fama lortu duena azken hilabeteetan teknologiaren esparruan: negozio berri bat, bizikleta estatikoak eta etxeko kirol entrenamendurako ekipamendua, sarera lotuta.

Hala nola gimnasioetan kirol-tresna askok pantaila daukaten, horixe da Pelotonen etxeko ekipamenduak daukana baita ere: pantaila bat, ukipenezkoa, Internetera konektatuta. Bizikletekin hasi, eta korrika-zintetara ere pasatu ziren, eta gailu garestiak dira (bizikletak 2.000 dolar inguru, eta bikoitza zintak), baina gakoa ez da horrenbeste hardware horren salmenta, baizik eta harpidetza eredua.

Pantailatik formakuntza bideo multzoa jaso dezakete erabiltzaileek, eta honela formatzaile multzo batek ere ekosistematxo bat sortu du: hala nola gimnasiako eta zumbako youtuberrak, korrika eta txirrindularitzako coach hauek ogibide bat lortu dute Pelotonen.

Etxeko jardueretarako prestatua egoteak egin du Covid Pandemiako itxialdia bereziki ona izan dela Pelotonentzat negozioa handitzeko. Hasieran arazoa izan zuten ze formatzaileek bideoak prestatzen zituzten Pelotonen lokaletan zeuden estudio batzuetan, baina app bat garatu zuten formatzaile komunitateak ere etxetik egin zezan.

Emaitza ekonomikoak biribilak izan dira konpainiarentzat, 1.1 milioi harpidedunera iritsi dira, urteko %113ko hazkundearekin. Erabiltzaileen %95a dago harpidetza sistema batean, eta harpidetzaren berritzea %94ean dago.

Hari batean irakurri dugunez, John Foley enpresako sortzaileak oso zail izan zuen bere ideiarekin jendea komentzitzeko, baina pixkanaka hazten joan zen enpresan, eta iaz burtsara atera zuen. Orain 20.000 milioi dolarretan baloratua omen dago.

Enpresaren webgunea: onePeloton.com


Samuel L. Jackson euskaraz!

$
0
0

Samuel L. Jacksonek euskarazko mezua utzi du gaur sare sozialetan. 15 hizkuntzatan popatik hartzera bidali gaitu, baina lehena zerrendan euskara izan da (katalana ere sartu du aukeraketan). Eskerrik asko Samuel, ondo esana!

Duela bi egun egin zuen promesa Samuel L. Jacksonek, berak babesten duen botoaren aldeko ekimen batek (#GoodToVote kanpainak) aski babes izaten bazuen, 15 hizkuntzatan birao egiten irakatsiko zigula.

Gaur bete du promesa:

Zoaz popatik hartzera! Bai horixe Samuel, baita zu ere! Ahoskatze egokiarekin gainera, ezta? Gainerako hizkuntzak izan dira, Jamaika eta Haitiko kreolerak, vietnamera, ukrainiera, suahiliera, nepaliera, islandiera, maoriera, txekera, esperantoa, bemba (Zambiako hizkuntza bat), thaiera, Brasilgo portugesa, eta katalana ere bai.

Euskaldunen erreakzio alaiak ikusten ari gara Twitterren. Batek egindako nahasketa hau, Pulp Fiction-eko irudiekin, primerakoa.

;

Adin nagusikoengana ari da iristen 2. Covid olatua

$
0
0

Open Data Euskadik bildutako Covid pandemiaren datuekin (EAEkoak) grafiko interesgarri eta kezkagarria egin dute Numeroteca eta Montera 34 Lab izenan erabiltzen dituzten datu-bisualizazioetako adituek. Kolore grafikoen bidez ikusarazten da, bizi dugun Covid olatuaren une honetan gazteengan gertatzen direla positibo gehien eta, hortaz, kasu asko asintomatikoak edo ustez arinak ari direla izaten. Baina aldi berean, kutsatzearen eta positiboen hazkundea gora doa asterik aste adinaren piramidean gora: gaitza larriagoa eta hilgarriagoa den populazioarengana ari da iristen.

Hari honetan ikusi ditugu grafiko hauek.

Hona udako olatuaren hazkundea nola joan den, zein adin tartetan hasi zen nabarmentzen eta nola joan den gora adin mailan, kopuru absolutuetan. Zenbatutako azken astean (iraileko lehena) beherakadatxo baikor bat nabari da. Kasu berrien portzentaian ikusia, beheko taulan.

Adin tarteak, 100.000 biztanleko aldaerarekin tartekatuta, beste hau ikusten da:

Adineko pertsonengan gaitza intzidentzia zabaleko gaixotasuna ari da bilakatzen. Datugile hauen grafiko gehiago, hemen: https://lab.montera34.com/covid19/

Bestalde, beste grafiko kezkagarri honen berri eman du Pello Zubiria kazetariak Argian:

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC ingelesezko sigletan) zabaldutako grafikoa da eta Europako punturik okerrenean gaude (salbu eta Madril). Irakurri gehiago Argian

Picture this, landareak identifikatzeko aplikazioa

$
0
0

Zuhaitz eta landareak identifikatzeko kuriositaterik izan duzu sekula? tresna honek lagun diezazuke: Picture This aplikazioa. Oso txukun dabilela ematen du, baina oso erabilpen mugatua du doako bertsioan. Erabiltzaile benetan aktiboa izatekotan, ordaintzea ondo etor dakizuke.

Aproba egin dugu Sustatu normalean idazten dugun industrialdean landare batzuk identifikatzera jaitsita. Argazki honetan ikusten den flora ez-zainduari erreparatu diogu:

Landare baten ostoetara hurbildu, egin argazkia eta segundu batzuetan badugu erantzuna. 

Aplikazioa bakarrik ingelesez dago, eta hortaz, izen ingelesak ematen dizkigu Picture This-ek. Baina tira, izen zientifikoa ere hor dugu eta hori pasatuta euskarazko Wikipediarik, euskarazko aldagaira ere iritsi ahal izango gara gehienetan. Kasu honetan:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Prunus_laurocerasus

Gerezi-erramua da, beraz... Beste bi landaretara ere zuzendu dugu kamera. Horra emaitza:

 

Kasu honetan dira: https://eu.wikipedia.org/wiki/Ailanthus_altissima ailantoa eta https://eu.wikipedia.org/wiki/Populus_nigra Makal beltza.

Azterturiko hiru espezietarik, bi kanpokoak (bat inbaditzailea, ailantoa), eta bat bertako bertakoa, makal beltza. 

Azken irudian ikusten den bezala, argazkietan batzuetan beste elementu batzuk ere detektatzen ditu: lorezaintzara begirako aholkuak eta komunitate bat baitago Picture This-en inguruan. Hori bai, ordainpekoa, eta adi doako bertsioan oso astuna baita aplikazioa ordainpekoa instalatzera bultzatzen.

Interesatzen bazaizu, hona bertsioak:Android

 

Brontzea landuko dute Bergaran, historiaurrean bezala

$
0
0

Bihar larunbata, Bergarako Laboratorium museoan,. Europako Ondarearen Jardunaldien barruan brontze aleazioa sortuko dute labe batean eta brontzezko trena bat ekoiztuko dute molde bat erabiliz, Brontze Aroan egiten zen bezela. Bi saio daude: 10:00etatik 12:00etara bat, eta hurrengoa 12:30etatik 14:30ra.

 

Uste dugu aizkora bat izango dela ekoiztuko dutena. Brontze Aroa, Europan, duela 4.500 eta 3.000 urte artean garatu zen. Lehenbizi Egeoan, Grezia inguruan, daude datatuta material batzuk, eta gero, seguruenik indoeuroparren hedapenarekin zabaldu zen Europako mendebaldean zehar, ekialdetik etorritako olde demografiko eta kultural batean.

Informazio gehiago hemen. Adi, izena eman beharra dago eta. Irudia brontzearekin egindako jarduera batzuetakoa da.

Laboratorium 2015ean irekitako zientzia museoa da. Bergarako ikerkuntza zientifiko historikoaren tradizioari jarraitzen dio: jakina den bezala, herriko Errege Seminarioan aurkitu zuten wolframioa Elhuyar anaiek. Museoa Errekalde jaurgian kokatzen da gaur egun.

 

Googlek ere euskaratu du bere partea Radar Coviden: Ministerioa falta da orain

$
0
0

Radar Covid aplikazioaren euskaratzearen inguruan bazterrak nahasteko moduko albistea argitaratu zuten Vocento taldearen Euskal Herriko egunkariek: El Correok bereziki, baina albistea Diario Vascon ere kopiatua agertu zen nonbait. Aplikazioa ez bada EAEn ofizialki martxan jarri, euskaratu beharrak atzeratu duela hori, horixe zioen El Correok besteak beste. Egiazki, euskaratzea egina dago albiste hori argitaratu baino lehenago, eta Eusko Jaurlaritza horren jakitun zen baita ere. Eta are gehiago, beste aktore nagusi batek, Googlek, euskaratu du baita ere aplikazioari lotutako mezu eta interfaze sorta. Espainiako Gai Ekonomikoen eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioa falta da bere lana egiteko.

Osasun Saileko iturri ez identifikatu batek aipatu omen zion hori El Correori, eta baita beste arazo tekniko zehaztu gabeko batzuk. Hilak 17 zituela, hau argitaratu zuten:

Egiazki, euskaratzea Espainiako Gobernuak kodea askatu eta 48 ordutara egina zegoen, joan den ostiralean (hilak 11), Sustatuk egun berean adierazi zuen bezala.

Era berean, euskaratzearen berri berehala izan zuten Eusko Jaurlaritzako atal batzuetan. Horren froga izan zuten asteartean (hilak 15) Euskarazko Komunikazioa 2020ko Hamarkadan EHUren Udako Ikastaroan egon zirenek. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Martinez de Lunarekin izandako solasaldian, aipatu zuen nola euskaldunen komunitate teknologikoa indargune bat den: "Euskarak daukan gauza handienetako bat bere komunitate aktiboa da; hori ezin dugu galdu, altxorra da; adibidez, egun hauetan di-da batean euskaratu da Covid Radar aplikazioa...".

Ez bakarrik egin du komunitateak bere partea, baita Googlek ere. Covid Radarren printzipio teknologikoa oinarritzen da Google eta Applek kontrolatzen dituzten sistema eragileetan, iPhone eta Android-etan, hurbiltasuneko seinale batzuk aktibatzen direla Bluetooth bidez, eta hurbiltasun gurutzatze horiek, kokapenaren eta identitatearen daturik gabe, erabiltzaile eta erakundeen esku uzten dituztela Applek eta Googlek. Aplikazioa aztertu duten adituek diotenez, segurtasun eta pribatutasunaren alde ondo egina dirudi.

Bada, Googlek ez bakarrik utzi du gaitasun hori erakunden esku. Izatez, bere abisu sistema, Radar Covid instalatzean zure Android-ean agertzen zaizkizun zenbait oharretan, euskaratu egin dute. Android mugikorra baduzu euskaraz (ikus horretarako lehenhitza.eus ea euskaratu dezakezun), eta Radar Covid instalatuta (berdin dio gaztelaniaz, ingelesez edo katalanez aktibatu duzun), hau bezalako mezuak agertuko zaizkizu:

Era berean, Google Play aplikazioan ere euskaraz agertzen da.

Bestalde, Radar Covid aplikazioa askatu ondoren, bertara galizieraz eta euskaraz egindako ekarpenek erantzun lehorra jaso zuten Github biltegian: izatez hango testu-kateak ez zirela aplikazioan erabiltzekoak, eta horiek Ministerioaren CMS batetik zetoztela. Ba askatzea zeukaten CMS-koa.. edozelan ere, itzulpenak eginak daude, eta lan pixkatekin, eraman ahal izango dituzte CMS ditxoso horretara, nahi badute.

Kodea partekatzea ezertarako ez bada, zertarako egin? edo nola deitu horri kode askatzea?

Euskaldunen komunitateak egin du bere partea. Googlek egin du bere partea. Espainiako Ministerioak egin behar du berea orain (euskaratzearen integrazio lana, CMS delakoan nonbait).

Euskal administrazioei dagokienez, Nafarroakoak jarri du martxan Radar Covid-ekin lotutako jarraipen plana, hori egin zutenean euskaraz laster izatea aipatu zutelarik. Osakidetzak bide horretatik jo lezake, edo bere plangintza propioari jarraitu.

Herritarrek, Nafarroan ez bazaudete ere, instalatu dezakezue Radar Covid eta osasun sistemak eta hizkuntzak eguneratzen direnean, ordurako balekoa izango da oraingo ekintza beharbada.

Viewing all 4997 articles
Browse latest View live