Quantcast
Channel: Sustatu.eus - Aktualitatea
Viewing all 4924 articles
Browse latest View live

Streaming plataforma bat gutxiago: Sky

$
0
0

Sky telebista plataforma britainiarrak Espainiako streaming zerbitzua etengo du datorren irailaren 1ean. Abuztuko azken hilabetea doan emango die ikusleei. Dagoeneko streaming plataformen merkatua bete samarra dagoelako seinale argi bat da hau. Izan ere, eskura dauden aukera nagusietara apuntatzen bazara, modako edo puntako film edo telesailak ikusteko, hilean 100 euro inguru inbertitu beharra dago ia (Netflix, HBO, Amazon Prime Video, Disney+, Apple TV Plus...)

Sky arrakastako zerbitzua da Erresuma Batuan, baina bere streaming plataforman ez da egon berebiziko eduki propiorik, eta egon direnean, beste kate batzuetan ere ikusi izan dira ekoizpen akordioen ondorioz. Europan, Espainia izan zen streaming zerbitzurako aukeratutako herrialdeetako bat, 2017an, eta ez du arrakastarik izan hileko 7 euroko harpidetzarekin. Ipar Euskal Herrian ez da kontratatzerik izan, Frantzian saiatu ere ez direlako egin.

Sky zerbitzua berezia zen, ez streaming aukera hutsezkoa hala nola Netflix edo Prime Video, baina gehiago "kanal multzo bat gehi streaming aukera batzuk". Zerbitzu misto horretan lehia are gogorragoa egiten du Movistarrek Espainian, eta zenbait kanalek Frantzian. Euskaltel bezalako konpainia batek ere bere kanal paketea dauka. Eta kanal aukera batetik bestera, hainbeste desberdintasun ere ez dago: SyFy zientzia fikziokoa adibidez, plataforma askotan aurki daiteke. Skyn egon da, baina beste toki batzuetan ere bai.

Streaming hutseko aukeretan, multzora gehitu diren azkenak Apple TV+ eta Disney+ dira. Zerbitzu hauetan, eta aurretik ezarritako Netflix, Amazon Prime eta HBOn, ekoizpen propioak garrantzi handia du, eta horretan ere atzetik zihoan Sky. Ez bakarrik telesail interesgarriak, filmak ekoizten ere ari dira. 2020ko film estreinaldi interesgarrienetako bat, Greyhound film belikoa (Tom Hanks protagonista), Apple TV+eko ekoizpena da, eta bertan bakarrik ikus daiteke (ez bada saretik jaisten duzula BitTorrent bidez edo).

Streaming plataformen ingurunea, Euskal Herrian, are konplikatuagoa da estatu-zatiketagatik. HBO streaming zerbitzu bat da Hegoaldean, baina ez dago Iparraldean. Ze aukera dauden, eta bakoitzean zer ikus daitekeen jakiteko, zerbitzu on bat JustWatch da.

Irudietan ikusten dena, URL-etan, kanal aukera nagusiak Frantziako merkatuan (goian) eta Espainiakoan.


Hona turista bat oporretan, "ereduaz" hausnartzen

$
0
0

Oporrak hartu ditut gaur eta, egun batzuk barru, bidaia dut programatuta. Ez naiz fio, oraindik, joaterik izango ote dudan. Pandemia egoera, 5 eta 10 egunetan, datuak norabide batean gehiegi okertzen badira, dela nire etxean, dela oporren jomugan, dena hankaz behera gera daitekeela badakit. Badaezpada, aseguru bidez diru itzulketa lotuta dut.

Italiako Toscanara joan nahi dut, 16 urteko semearekin. Ni egonda nago hango hiri batzuetan, baina semea ez eta erakutsi nahi dizkiot bazter batzuk.

Bidaiatzea gustatzen zait. Turista naiz, beraz. Batzuek lehenago esango dute “bidaiari” direla, masifikazioari uko egiteko gauza direlako, motxilarekin oihanean edo basamortuan barneratzeko gauza dira, Nairobitarra autobusaren abenturen estilo hori...

Ni turista arruntagoa naiz. Ez naiz agentziek antolatutako talde-bidaien zalea, baina halakoetan bisitatzen diren tokiak, museoak eta hotelak ikusi ohi ditut. Hori bai, patxada malguagoarekin, eta inprobisazioaren puntu bati uko egin barik.

Turismoa gai zaila da. Turistaren kontrako mezuren batzuk ikusi izan dira azken bizpahiru udatan, baina paradoxaz eta arriskuz betetzen da halako diskurtsoa, gutako edonor ere turista izan baikaitezke, ez bakarrik kanpora goazenean, baita hondartzak eta bertara doazen bideak betetzen ditugunean ere (aurten bertan demostratu dugunez).

Bidaiatzen duen turista edo bidaiari kritikatzea, hortaz, pixkat lekuz kanpo geratu da, eta kritika orain gehiago “ereduari” egiten zaiola esango nuke. Argi dago, ereduak badituela bere koxkak, masifikazioak albo-kalteak dakartza, eta bereziki sortzen den aberastasuna ez da berdin banatzen: metro karratuen jabetza duenak etekina ateratzen du errazago, eta aldiz, lan merkatuan funtzio prekarioak eta aldizkakoak biderkatzen dira.

Baina eredu hori... hori ez da turismoaren ondorio bat. Hori dugun gizartearen premisa nagusietako bat dela esango nuke. Propietatearen jabetza, eta lan kontratuaren finkotasuna 2020ko Euskal Herriko faktore ekonomiko nagusiak dira pertsona gehienen bizitza baldintzak zehazteko orduan, ez bakarrik turismoari begiratuz gero baizik eta ekonomiaren eta gizarte-bizitzaren esparru zabal zabalean. Alokairuan edo hipotekan hilero kapital izugarria gastatzea, edo gurasoen etxe bat heredentzian jasotzea izugarrizko diferentzia da ongizatean. Berdin lan askoren ziurgabetasuna funtzionaritzarekin eta beste “postu finko” askorekin alderatuta. Eta arrakala ekonomiko hauez hausnartzea da gakoa. Hilabete turistikoetan, eta gainerako urtaro guztietan.

(Argazkia: Miki Yoshihito, eduki librea Wikimedia Commons: Moai estatuen erreplikak, Japoniako Hokkaido uhartean, maskara jantzita pandemiazko egun hauetan)

Elgoibarren egindako tresnak daramatza Marterantz jaurtitako Perseverance gailuak

$
0
0

Atzo abiatu zen Marte planetara NASAk prestaturiko azken misioa. Atlas V izeneko kohetea jaurti zuten, eta Martera iristean Perseverance izeneko moduloa askatuko da eta lurreratuko da. Perseverance mugitzen hasiko da jarraian, dena ondo badoa, ibilgailu bat baita, rover bat. Perseverance roverraren bi tresna inportante Euskal Herrian eginak dira, Elgoibarko AVS enpresan.

Irudiko bi osagarri horiek, Perseveranceko parte nagusietakoak ikusten denez, egin dituzte AVSn (Added Value Solutions).

MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) delakoak neurtuko ditu Marteko haizearen abiadura eta norabidea, presio atmosferikoa, hezetasuna, hozberoa eta eguzkiaren irradiazioa. Eguraldi estazio bat da, funtsean, eta balioko du ez bakarrik Marteko eguraldiaren datuak Lurrera ekartzeko baizik eta gailuaren beraren gidaritzan laguntzeko.

Beste tresna, SuperCam deritzona, Perseveranceren masta nagusian doa. Marteko gainazala aztertzea du helburu, aztarna biologikoen bila; laginak hautatzea, etorkizunean lurrera itzultzeko; eta Marteko etorkizuneko misioetarako bidea prestatzeko. Urrutiko kimika eta mineralogia analisiak egiteko gai den tresna hau elkarlanaren ondorio da. Malagako, Madrilgo Complutenseko eta EHUko ikerlariek hartu dute parte, baita Espainiako INTA eta CAB zentroek.

SuperCam-en barruko analisi kimikoen gailu hori, 20 zentimetro eskaseko diametroa duen plaka bat da, eta tenperatura eta presio-baldintza muturrekoak jasateko gai da. Euskal ekarpena egin dute EHUko kimikarien IBEA taldekoak (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa), eta harapen industriala, esan bezala, Elgoibarren. 

Atlas suziria otsailean iritsiko da Marteko orbitara, eta 2021eko otsailaren 18an jaitsiko da Perseverance planetara. Atzoko jaurtiketan, Floridan, egotekoak ziren AVSko ingeniariak, baina Koronabirusaren pandemiagatik bidaia barik geratu ziren tamalez.

 

 

Joan Mari Torrealdai hil da

$
0
0

Bernardo Atxagaren hitzak, 2003koak: "Joan den 2003garrengo otsailaren 20an Joan Mari Torrealdai pantailan ikusi nuenean, makurtuta beso baldarraren zamapean eta buru tapatuta, errezatzeko gogoa egin zitzaidan, nahiz errezatzen ez jakin; pentsatu nuen, sentitu nuen, irudi hura ohizko esparrutik at gelditzen zela, eta ezin zitzaiola berari haserre oihua edo komentario politikoa bakarrik jarraitu". Zenbatek gogoratu dugu irudi hura orain, Joan Mari Torrealdai hil denean, 77 urterekin. Agur eta ohore, euskal kulturaren erraldoiari.

Atxagaren hitz haiek Sustaturen 2003ko artxiboan ditugu, Euskaldunon Egunkaria itxi eta egun gutxitara idatziak. Merezi dute berrirakurketa bat. Operazio hartan atxilotua eta torturatua izan zen Torrealdai.

Joan Mari Torrealdai Foruan jaio zen 1942an. Jakin aldizkariko zuzendaria izan zen 42 urtez, eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakaria. Euskaltzain osoa zen 2007. urtetik.

2015etik egin du borroka gaixotasunaren kontra, minbiziaren kontra. Orduan publikoki adierazi zuenez, Egunkaria itxi ondoren jasandako torturekin lotu zuen minbiziak. 

Berriak eman du Interneten bere heriotzaren albistea gaur iluntzean, hemen: https://www.berria.eus/albisteak/185087/joan-mari-torrealdai-hil-da.htm

1918ko pandemiaren moda, Errenteriako Jantziaren Zentroan

$
0
0

Errenteriako Kapitain Etxea kulturetxean Jantziaren Zentroa dago kokatua, jantzien inguruko museo bat. Erakusketa ezin aproposagoa dute egun hauetan: 1918ko gripe espainiarraren pandemiak nola eragin zuen modan, maskara eta abarrez nola babestu ziren gure arbasoak.

Erakusketan ikus daitezkeenak: Argazkien bidezko dokumentazioa, pandemiak eskualdean eragindako neurrien agiriak (eskolak eta azokak nola itxi ziren Errenterian adibidez), eta irudietatik berregindako manikiak, euren maskara eta musuko babesekin (eta garaiko arropekin, jakina).

1918ko pandemia Lapurditik gerturatu zen Errenteriara. Hendaian 1918ko irailean agertu ziren lehen kasuak, eta handik gutxira, Irunen. Irungo orduko biztanleetarik, 100etik 1 hil zuen pandemia hark. Euskal Herrian 15.000 lagun hil zirela uste da.

Erakusketa irailaren erdialdera arte doan ikusi daiteke Jantziaren Zentroaren beheko solairuan. Bisita gidatuak ere izango dira abuztuaren 8an eta 22an, iluntzeko 22:00etatik aurrera. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da jantziarenzentroa (a bildua) errenteria.eus helbidera idatziz edo Errenteriako turismo bulegora deituz.

Jantziaren zentroa: https://kultura.errenteria.eus/jantziaren-zentroa/ 

https://kultura.errenteria.eus/jantziaren-zentroa/Errenteriako Turismo Bulegoa: https://errenteria.eus/herria/turismoa/turismo-bulegoak/ 

 

 

Mikel Artetxeren tesia: Itzulpen automatiko gainbegiratu gabea

$
0
0

Aste honetan Mikel Artetxe informikari euskaldunak bere tesia aurkeztu du, eta oporren bueltan Facebook-eko adimen artifizialeko unitatean hasiko da lanean, Londresen. Artetxe lanean ibili den IXA taldeak azaldu du haren tesiaren nondik norakoa, ekarpen handi bat itzulpengintza automatikoan, bereziki euskararentzat eta korpus elebidun antolatu oso handiak ez dituzten geurea bezalako hizkuntzentzat. Itzulpen automatiko gainbegiratu gabea izan da Artetxeren tesia.

Itzulpen automatikoan egindako aurrerapenak izugarriak izan dira azken bizpahiru urteetan. Bereziki, itzultzaile neuronalak edo, teknikoki, "Sekuentziatik sekuentziarako eredu neuronala" erabiltzen duen ereduak jauzia izan dira euskarazko itzulpengintza automatikoan, erderetarako norabidean zein euskararakoan. Sarean jarritako euskarazko adibideak dira horren adierazle: Batua.eus, Itzultzailea.eusJaurlaritzarena...

"Hala ere, gaur egun dauden sistemek datu asko behar dute (gainbegiratze sakona), corpus paralelo gisa normalean milioika perpaus behar izaten dituzte", dio IXAren testuak. "Baina harrigarria da, baldintza hori ez du behar gizakiak hizkuntza eskuratzeko. Eta gainera arazo praktiko garrantzitsu bat planteatzen du euskara bezalako baliabide gutxiko hizkuntzekin itzulpenak egiteko".

Egia da, hizkuntza batez "elebakarki" jabetu ohi da haurra; eta Mikel Artetxeren hurbilpena hortik doa, korpus elebidunen edo datu paraleloen mendekotasun hori ezabatzea. Prozedurak bi osagai ditu:

Bat. Korpus independenteak aztertzen dira, eta hitz-bektoreak lerrokatzen dira beren arteko egitura antzekotasunean oinarrituta. Adibidez, grafiko honek erakusten diguna:

Euskara eta ingelesa independenteki aztertu ditu sistemak, baina hitzak, hizkuntza bakoitzean, bektore espazio berdintsuan kokatu dira. Animalia izenak elkarrengandik gertu daude, adibidez, eta haiek osatzen duten multzotik gertu beste multzo bat dago, animalien hotsekin (marrua, zaunka). Irudiak zirkulu batean erakusten dituen multzokatzea irudikatze sinple bat dira: izatez, bektore lerrokatzea ez da 2 dimentsioko plano bakarrean gertatzen, baizik eta 300 dimentsio kontuan hartzen dituen espazio batean. Konputazio lan pixkat badago hor, beraz.

Bi. Aurreko teknikekin egindako hitzen lerrokatze hori, darabil Artetxeren metodoak itzulpen-sistema neuronal bat edo itzulpen-sistema estatistiko bat hasieratzeko, "azken urratsean back-translationaren bidez hobetzen joango dena". Uste dugu, feedback automatizatuen bidez ikastekon eta hobetzeko prozesu bat deskribatzen dela hitz horiekin.

IXAkoen azalpena, hemen.

Mikel Artetxe jarraitzeko: @artetxem Twitterren, webgunea.

Ponpeiako freskoak babesteko ikerketa EHUn

$
0
0

Duela egun batzuk aipatu genuen nola Marteko Perseverance misioan parte hartu duen EHUko kimikari talde batek, IBEA taldeak (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa). Ez bakarrik espaziora begira, beste kontu batzuetan ere lan egiten dute eta Zientzia Kaiera agerkariak zabaldu du IBEAk Ponpeiako freskoetako margoak kontserbatzeko ikerketa inportanteak egin dituela. Egin dezagun errepaso bat zer nolako lanak iraunarazten lagunduko duen ikerkuntza honek.

Kontserbaziora begira IBEAkoek egindako ikerketetan aurkitu dute koloreak eraldatuta ikus ditzakegula gaur egunean: freskoetan gorriak ikusten ditugunak izan daitezke jatorrizko gorriak, baina baita ere horiak, erupzioaren beroak pigmentuak eraldatu zituelako. Arrosa eta purpura koloreen nahasketa kromatikoa ere ba omen dago.

Gorrixka eta purpura horiek ikus daitezkeen fresko ezagunenetarikoak arte erotikoaren agerpenak dira. Bereziki lupanare edo putetxe batekoak gorde dira, baina bainu publikoetan ere badira. Hona putetxeko bat:

Cunnilingus hau bainuetxe publikoetan zegoen:

Baina etxe partikularretan ere baziren halakoak, hala nola Vetii etxean esaten denean:

Beste etxe batzuetan, sexua baino errito misteriotsuagoak agertzen dira. Misterioen Villa delakoan ere gorritasunak nagusi dira emakumeen errito dionisikoak (ez ondoegi ulertuak) agertzen diren freskoetan, denak gela berezi batean agertzen zirenak, agian etxeko anderearen gela partikularra.

Gehienetan, mitologia erromatar eta grekoaren errepresentazioak izan ohi ziren etxeetako apaindura. Mitologia eta historia nahasten ziren kontzeptuak zirela kontuan harturik, istorio askoren ezagutza kultu handia zegoen Ponpeian. Poeta tragikoaren etxean agertzen den eszena hau, Troiako gerrako pasarte zehatz bat da, Akilesek "irabazitako" Briseis konkubina (etsai erail bati lapurtutako alaba) Agamenon erregeari nola eman behar izan zion...

Natura eta eguneroko bizitza ere agertzen dira tarteka, bodegoiak edo eszena bukolikoak, txoriekin-eta.

Eta erretratu batzuk ere bai tarteka, hala nola Safo izenarekin ezagun egin dena, seguruenik Ponpeiako andre aberats bat.

Gorago aipaturiko koloreen analisiaz gain, EHUko ikertzaile talde honek kontserbaziora begirako aurrepausuak egin ditu.

Batetik, freskoen egoera aztertu dute, eta kontserbaziorako teknikak garatzeko proposamenak egin dituzte, ahalik eta naturalenak: batetik, freskoak kaltetzen dituzte agente biologikoen konbtrako kontra-neurri "biozida" bat, bertan naturalki dauden landare esentzialen olioarekin sortua.

Bestetik Erromatarrek beraiek erabilitako formuletan oinarritutako berriztapen mortero bat garatu nahi dute, jatorrizkoarekin bateragarri izango dena.

Gehiago jakiteko, zientziakaiera.eus

Ilgoropilak Hor Zehar, oporretako 'challenge' zirraragarria

$
0
0

Joxe Rojasen proposamena da: "Opor hauetan, egin #ilgoropil baten argazkia zure oporlekuan (etxean bada ere), partekatu Twitterren #ilgoropilakHorZehar traolarekin, eta parte hartu zozketa mundial batean!" Tematuta dago Rojas 'croissant' esateko, opiltxoaren etimologia eta forma selenitari jarraituz, ILGOROPIL esan behar zaiola euskaraz (Ilgora + opil). Hiztegiek onartu arte ez dut atsedenik Rojasek, eta sustapen kanopaina hau okurritu zaio orain.

Maite Goñi eta Gorka Juluio teknofiloek eman ziote ideia Rojasi Ilgoropilarekin argazkiak aterata Vienan.

Hortik abiatuz, hona lehiaketa zertan den:

  1. Ilgoropil bati argazkia atera, oporretan zauden leku horretan dagoela. Selfie bat baldin bada, askoz hobeto, baina ez baduzu nahi, ez da derrigorra zeu ere argazkian ateratzea.
  2. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste argazki bidal ditzake, beti ere argazki horiek leku ezberdinetan egindakoak badira.
  3. Argazkia Twitterren argitaratu, #IlgoropilakHorZehar traolarekin. Ez, Facebook taldeko plataformek ez dute balio: ez Facebook bera ezta Instagram ere. Oso garrantzitsua da traola erabiltzea, robot bat jarriko baita martxan txio guztien jarraipena egiteko.
  4. Zure txioan, lotura bat jarri behar duzu orri honetara. Errazago gogoratzeko: https://labur.eus/ilgoropilak erabil dezakezu.
  5. Argazkiak bidaltzeko azken eguna 2020ko irailaren 11 izango da.
  6. Saria zozketa bidez egokitu zaio parte hartzaileetako bati. Zozketa irailaren 15 inguruan izango da, gutxi gorabehera.

Oparia peluxezko ilgoropil bat izango da, bidaian atseden hartzeko balio duten gauza horietakoa, argazkiagatik.


Ispiluak saltzen Interneten

$
0
0

Milanuncios bezalako iragarki pertsonal zuzenen guneek badute 20 urteko historia Interneten, baina mugikorrarekin bat egin zutenetik, norberak argazkia kargatzeko gaitasunarekin, beste maila batera salto egin dute, eta Wallapo bezalako aplikazio-webgune elementu bikoitzek menderatzen dute merkatua. Dena dela, badago produktu berezi bat halako auto-argazkiekin sustatzen eta saltzen zaila dena: ispiluak. 

Argazkilari-saltzaileek sekulako lanak hartzen dituzte ispilu bat webgune hauetan ilustratzeko orduan. Argazkiaren unean norberaren irudia desagerrazteko grina adibide absurdoak ematen ditu, eta sarean baliabide bat dago horiek erakusten dituena: Personas Vendiendo Espejos Twiterreko kontua @vendiendoespejo (jendea ispiluak saltzen).

Helburu nagusia da norbera ez agertzea:

Horretarako metodo errazena litzateke, kameraren funtzio automatikoari ematea, baina beti ez gabiltza fin denbora programazioarekin:

Tira, zu desagertaraztea ezinezkoa bada, behintzat aurpegia ez erakutsi:

Edo beste modu batean tapatu zaitez:

Tira, ez da hain zaila... angelu batetik egiozu argazkia, eta ispilatzen dena ez bada bereziki interesgarria, jarri zerbait bereizgarria ispiluaren kalitatea ona dela adierazteko:

Segi horrelako gehiago ikusten hemen: @vendiendoespejo 

Microsoft eta Facebookek egin bezala; Googlek ere Bizkairainoko kablea edukiko du

$
0
0

Joan den astean jakinarazi zen Googlek Atlantikoa zeharkatuko du zuntz-kable indartsu bat jarri nahi duela Estatu Batuen eta Europaren artean, eta muturretako bat Sopelan izango duela. Toki berean du konexioa halako beste kable erraldoi batek, Marea izenekoak. Marea kablea Facebook eta Microsoft enpresen ekimenez jarri zen martxan 2017an, lanak 2016an hasi ondoren.

 

Googleren kablea Grace Hopper izendatuko dute, eta Estatu Batuetako konputazioko emakume aitzindari baten omenez. New York estatuko Long Island uhartea eta Europako bi puntu lotuko ditu, Kornualles Erresuma Batuan, eta Sopela Euskal Herrian. Oro har, Interneteko konektibitateko globala erraztuko du, baina Googleren zerbitzu batzuen arintasunean lagunduko omen du bereziki (Googleren beraren iragarpenaren arabera), esate baterako Google Meet, Gmail eta lainoko zerbitzuak.

Ez da kasualitatea izango kablearen muturretako bat Sopelan egotea. 2016an jakinarazi zen beste kable erraldoi bat egongo zela bertatik lotua Estatu Batuekin. Microsoft eta Facebook konpainien ekimena izan zen kasu hartan, eta kablea Sopelatik abiatu zen luzatzen... Bi hilabeteko lanen orndoren, Estatu Batuetako Virginiako kostaldera iritsi zen kable hura, Marea izenekoa. Orduan esan zenez, ozeanoan inoiz bota den kable bizkorrena izan zen Marea (160 Terabyte segunduko garraiatzeko gaitasunarekin.

Marea Sopelarekin lotu izana ere ez zen txiripa hitsa izan, 2001an beste lotura bat egin zelako bertatik Erresuma Batura 3.84 terabyteko gaitasunarekin (Tyco enpresaren kablea). 19. mendean, Sopelatik gertu, Getxoko Arrigunaga hondartzatik, beste kable bat luzatu zen Erresuma Batura, telegrafiako lehen konexioa Iberia eta Britainia Handiaren artean.

Googleren Grace Hopper kablearen gaitasunak gainditu egingo du Marearena, eta Googlek dioenez, teknologia berri batez etorriko da hornitua. Garraiatzeko gaitasuna 340 edo 350 terabyte segunduko garraiatuko ditu. Googlek berak dioenez, banda zabalera horrekin, 17.5 milioi pertsona egon daitezke 4K kalitateko streaming-a egiten aldi berean.

Hortaz, Sopelako kableen gaitasun hazkorra honela doa 21. mendean:

  • Tyco, 2001, 3.84 terabyte segunduko.
  • Marea (Facebook eta Microsoft), 2017, 160 terabyte segunduko.
  • Grace Hopper (Google), 2020 (data aurreikusia), 350 terabyte segunduko.

Ausazko orriak Wikipedian, baliabide bitxi bat

$
0
0

Wikipediaren hizkuntza-bertsio desberdinek daukaten baliabide komun bat ausazko orriarena da. Ez du oso gauza sakona egiteko balio: klikatzen duzun bakoitzean, Wikipediako orri bat ematen dizu ausaz. Serendipia edo txiripaz nabigatzeko modu bat da. Euskaraz, hauxe da ausazko orriaren helbidea eta labut-puntu-eus-etik pasatu dugu: labur.eus/ausazkoa

Une honetan, 363.000 orriren artean bat agertuko zaizu euskaraz ausazko orrira joanda. Beste hizkuntza batzuetan:

(Artikuluen araberako wikipedien sailkapen orokorra hemen, eta euskarazkoaren estatitiska nagusiak beste orri honetan)

Irudi eta multimedia fitxategien Wikimedia Commons biltegiak ere badu bere ausazko funtzioa: https://commons.wikimedia.org/wiki/Special:Random/File (klik bakoitzean irudi edo fitxategi desberdina).

Ausazko parametroarekin jolastuz, euskarazko wikipedian beste elementu bat ere sortu dute, ausazko hitza, baina ilustratua eta soinu elementu eta guzti (Ahotsak.eus-en eta Elhuyarren baliabide libreak integatuz.

Kasu honetan hemen dago helbidea: https://eu.wikipedia.org/wiki/Txantiloi%3AAusazko_hitza  baina aurrekoak ez bezala, ez da berritzen klikatzen duzun bakoitzean, baizik eta orri horretan, azpian eskubian aurkituko duzuen "eskuz gaurkotu" aukeraren bidez.

Ausazko ausazkoarekin probatzeko, https://labur.eus/ausazkoa 

 

'Non dago Mikel?' dokumentala abian da, Mikel Zabaltzaren desagerpenaz

$
0
0

Gertu da 'Non dago Mikel?' dokumentala, eta udazkenean espero dute aretoetan agertzea. Post-produkzio lanak burutzen ari dira dagoeneko, eta Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas 'Pitu' zuzendariek errodatuak dituzte jada irudiak. Izar Films ekoiztetxeak irudi horiek EITBren 1985eko artxibo irudiekin osatuko ditu. Mikel Zabalza atxilotu eta hilik agertu bitartean igarotako hogei egunen kontaketa eginen du filmak.

1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra, Donostian. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean. Zabalza sekula ETArekin lotuko zuen daturik ez zen agertu ez orduan, ez gerora: autobus gidari bat zen Donostian.

Dokumentalaren protagonistetako bat Ion Arretxe da, Zabalzarekin batera atxilotu zuten beste pertsona bat. 2017an hil zen Arretxe minbiziak jota, baina lehenago testigantza utzi zuen nola izan ziren gertaera haiek. Arretxe bizirik irten zen 1985eko amesgaiztotik, eta aktore eta zuzendari gisa lan egin zuen ikus-entzunezkoen munduan.

Duela aste batzuk Iruñean egindako agerraldi batean azaldu zutenez, udazkenean estreinatuko dute dokumentala- "Zinema aretoetan banaketa mugatu bat ere eginen dugu, Euskal Herrian eta estatuan. Ondoren, Euskal Herriko hainbat txokotara eraman nahiko genuke, kultur etxeetara, esaterako", azaldu izan du Izaskun Arandia Izar Films-ekoak. Gerora, ETBn ere izango du irteera, telebista publikioa ekoizpenaren barruan baita.

 

Gordegia, Donostiako Egia auzoarentzako biltegi digital bat

$
0
0

Gordegia ekimena Donostiako Egia auzoaren historia dokumentatzeko saio bat da, irudi eta dokumentu pilaketa eta antolaketa eginez auzoaren bizitza eta historia geroratzeko. Gordelaguna izendatu duten bazkidetza doakoaren bidez, argazkiak eta dokumentuak eman diezaizkiokezu proiektuari.

Hala aurkezten dute beraien ekimena Gordegiakoek:

Egia edo Egiatarroi buruzko irudi interesgarririk baduzu hauek Gordegiako artxibategian sartzea proposatzen dizugu, guk ondo gordeko ditugu, dokumentatu eta ados bazaude auzo osoaren eskura jarriko ditugu webgunearen bidez. Paperean edo edozein euskarri fisikoan baleude, kopiatu ostean itzuliko dizkizugu eta kopia digital bat emango dizugu.

Nolako irudiak bidali daitezke?

  • Auzoaren bizitza erakusten duen edozein argazki edo bideo ongi etorria da.
  • Zaharra edo berria. Gaurko argazkiak etorkizunean historikoak bilakatuko dira.

Urtekako (eta ondorioz, hamarkadako) zein gaikako aurkibide bikoitz bat du guneak, eta honenbestez jaso dituzten bilduma edo argazki-sortekin, bideo erakusgarri bat egin dute:

Ikus https://gordegia.eus eta, ezer baduzu aportatzeko, egizu.

Euskararen Etxeko 'Hizkibridoak', ber-programatuta

$
0
0

Euskararen Etxea, Bilbon 2004tik dagoen zentro publikoa, otsailean berrireki zen, Sustatun iragarri genuen bezala. Baina jarraian antolatu zen Hizkibridoak ekitaldi zikloa ezin izan zen gauzatu, Koronabirusaren krisiagatik. Orain berriro programatu dute, udazkenerako.

Ekitaldiok udazkenean egingo dira, eta errealitate berrira egokituko dira; hortaz, edukiera murriztu beharko da. Horren aurrean, ikuskizunak streaming bidez ere zabalduko dira. Honatx data berriak:

Orainmenean. Urriak 8. Txakur Gorria Sormen Kolektiboa. Bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz, emakumez osatutako bertso-saioa.

Muga. Urriak 22. Xabier Montoiaren Anfetamiña lehen poema liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa. Musikari zenbait elkarlana, argazkiekin lagunduta. David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da historia... ausartu zen idazten Montoia. Hortik kontuak.

Habiak. Azaroak 13. Anari kantariaren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa. Anari eta bere taldeak ere bertam izanfo da joko du zuzenean 19:30ean

Bertso saio literarioa. Abendiak 19. Mari Luz Esteban antropologo feministak, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza kantuan jarriko ditu.

 

Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria 2020

$
0
0

Irailaren 18a arte dago irekita Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara aurkezteko epea. oziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dute lehiaketa eta bere helburua da euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza.

Aurkeztu beharreko lanek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

  • Lanek oinarri zientifikoa izango dute edo zientzian oinarritutako hausnarketak izango dira, aurretik argitaratu gabeak (paperezko argitalpenean zein Interneten)
  • Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, medikuntzatik, erizaintzatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, ekonomiatik, zuzenbidetik, matematiketatik, informatikatik, kirol esparrutik, edota arteen eremutik
  • Lanak teorikoak, ikerketa aplikatukoak edo saiakera-arloko lanak izango dira.
  • Egilea banakakoa edo taldea izan daiteke.
  • 30.000 eta 60.000 karaktere arteko luzera izango dute (zuriuneak barne)

2020ko edizioan honakoak izango dira irabazleentzat sariak:

  • Lehen saria: 2.000 euro eta Jose Luis Zumeta zendu berriaren litografia bat
  • Bigarren saria: 1.300 euro
  • Hirugarren saria: 1.000 euro.

2019ko edizioa Miguel Galiciak irabazi zuen, euskara biziberritzeko plan eta proiektuen ebaluazioaren inguruko lanarekin. 2020ko edizio berri honi buruz indormazio gehiago, hemen: http://www.soziolinguistika.eus/txillardegi-hausnartu

 


Korodata, herriz herriko Covid-19 datuak ematen dituen bot euskalduna

$
0
0

Programatzaile euskaldun batek Korodata izeneko bot bat sortu du Twitter eta Telegram bidez datuak emateko, euskaraz. Eusko Jaurlaritzak irekian zabaltzen dituen datuak modu atomatikoan kudeatu eta hortik grafika batzuk sortzen dituzten tresnak dira, eta herriz herriko datuak ematen dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako.

Twitter-eko @korodata kontua Eusko Jaurlatitzaren datuen iturburuan gaurko eguneraketa bat dagola adierazten duenean automatikoki txiokatzen du, azken egunean bi positibo edo gehiago egon diren herrien grafikak sortuz.

Bigarrenak, Telegramekoak (T.me/korodatabot), aukera robotiko desberdinak eskaintzen ditu, zure eskaerekin elkarreragiteko datuekin. Datuen azken eguneraketa noizkoa den eska daiteke batetik. Bestetik Twitterren zabaltzen den zerrenda bera eskatzea posible da, eta bot honek iruditan itzultzen du informazioa. Azkenik zure herriko informazioa soilik interesatzen bazaizu, haren informazioa eska dakiozuke.

Ikus irudian, t.me/korodatabot helbidetik hasiz gero, menu aukera ireki dezakezu, eta hor eragiketa egin. Kasu honetan Donostiako datuak eskatu ditugu, eta gorago itsatsi dugun grafikoa eman digu erantzunean.

Programatzaileak adierazi digunez, herri izenak EJko datuetan bezala eskatu behar direla, adibidez "bilbo" barik "bilbao" da datutegian datorrena. Eskaerak izenaren zati batekin ere funtziona dezake, baina adi herri batek baino gehiagok parteka baitezake karaktere konbinazioa. Esaterako "bar" eskatuta (eiBAR, elgoiBAR, iBARra, BARakaldo, ...) Ibarra itzuliko du.

Grafikei dagokienez, barra neurriek zenbakiei egiten die erreferentzia, eta kolore eta formak (kolore bereizmenerako arazoak dituztenentzat grafika irisgarria izan dadin jarriak) joeraren larritasuna islatzeko saiakera dira. Honela egiten da kalkulua: datuak aurreko egunekoak baino handiagoak badira, "salto" bat egingo du okerrera kolore tonuan, eta datuek aurreko egunekoa bikoizten badute, bi tonu okerrera egingo du. Datuak txikiagoak badira, tonu bat hobera.

Probatu eta erabili, Twitterren: https://twitter.com/korodata 

eta Telegramen: https://T.me/korodatabot 

Telegrameko euskal kanal irekietara sartzeko, aurrebista praktiko bat

$
0
0

Ion Lizarazu informatikariaren bitartez jakin dugu Telegram mezularitza zerbitzuak aukera bat duela, harpidetza-kanal publikoek duten edukia zuzenean ikuskatzekoa, harpidetu aurretik. Funtzio praktiko bat, ikusteko ea bidaltzen dutena interesekoa den, kadentzia egokian bidaltzen duten (gutxiegi edo gehiegi zure gustorako)... Norabide bakarreko kanal informatiboekin bakarrik funtzionatzen du, ez eztabaida taldeekin.

Hona, adibidez Berria eta Egunkariaren kanalak:

Kanal irakurgarriaren funtzio honek funtzionatzen du bai PC/Web bertsioetan zein mugikorrekoetan: azken horretan, Telegram instalatua baduzu, klik gehigarri batekin harpidetzeko aukera izango duzu.

Baliabide praktiko hau konbinatu dezakegu euskal edukia duten Telegram kabalen bildumekim. Bat Telegram Euskaraz taldeak antolatua da.

Bertan ageri diren kanalak zuzenean harpidetzeko helbidearekin ageri dira, adibidez, LAB sindikatuaren kanala: https://telegram.me/LABpublikoa  edo https://t.me/LABpublikoa  baina erreparatzen badiezue goian jarritako URL-ei, tartean /s/ bat jarrita kanal irakurgarria bilakatzen zaizu, honela: https://t.me/s/LABpublikoa 

Esan bezala, honek norabide bakarreko informazio publikoko kanalekin funtzionatzen du. Game Erauntsia jokalarien komunitateak badu kanala, https://t.me/gamerauntsia baina saiatzen bagara /s/ trukoa egiten, ez dabil: https://t.me/s/gamerauntsia , elkarrizketa pribatuen kanala da Game Erauntsiarena, hori da koxka.

Beste baliabide bat kanal gehiago aurkitzeko... ba Telegramen bertan Euskalgram kanala, https://t.me/s/euskalgram 

Durangoko Azokaren sormen beka, ikus-entzunezkoei begira aurten

$
0
0

Aurtengo Durangoko Azokak formatu desberdina izango du halabeharrez, eta online bertsioa indartu egingo da. Baina gauza batek aurreko edizioetakoari jarraituko dio: DA! Sormen Beka egongo da. Euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztea da beka honen helburua. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak antolatu eta finantziatzen dute deialdia.

2020ko edizioaren berezitasuna izango da ikus-entzunezko proiektuetarako deialdia dela (diziplina arteko uztarketa izan daiteke, baina pisu nagusia ikus-entzunezkoak izan behar du). Edozein generotakoa izan daiteke, jatorrizko sormen lana izan behar da (ez egokitzapena), eta hitzezkoa bada euskara hutsez izan behar du.

Sortzaile berrientzat da bek, bereziki. 18 urtetik gorakoak, banaka aurkez daiteke, eta talde bat izatekotan, partaideen 2/3 sortzaile berriak izan beharko dira.

Saria: Beka bakarra izango da, 15.000 eurokoa, eta sorkuntza prozesuan eta plazaratzean lagunduko du Durangoko Azokak.

Aurkezteko eoea irailaren 21a arte dago zabalik. Informazio gehiago, Durangoko Azokaren webgunean,hemen, eta oinarri zehatzen PDF-a berriz, horra:

https://durangokoazoka.eus/da55/eu/sormen-beka/SORMEN_BEKA_Oinarriak2020.pdf 

 

QAnon konspiranoia eroa isilarazi nahi du Twitterrek

$
0
0

Duela aste batzuk Boogaloo mugimenduaz jardun genuen Sustatun, Estatu Batuetako eskuin-muturrearen azken transformazio kulturaletako bat. Gaur nebulosa horretako beste bat dugu aipagai: QAnon mugimendua. Berriki Twitterrek inoiz zaintza politikoan egin duen urratsik gogorrena iragarri zuen QAnon-en kontra: milaka kontu desaktibatu, partekatzen diren URL-etan QAnoni lotuak blokeatu, traoletan QAnon lotutako aipuak zaindu eta ezabatu. Baina zer demontre da QAnon? Jarraian nolabait deskribatzen saiatuko gara.

Boogaloo mugimenduak bezala QAnon delakoak Interneteko foroetako meme eta ezbaida anonimoetan du jatorria. 2017ko mezu batzuetan du jatorria gaiak, 4Chan foroan Q sinatzen zuen anonimo baten jarioan (Q + anonimoa = QAnon; ingelesez irakurtzen Kiu-anon).

Funtsean, Trump-en aldeko eskuin muturreko narratiba bat dirudi QAnon delakoaren konspiranoioak: Estatu "sakonaren" maniobra batzuk daude Trump-en kontra (bera boterea eta estatua ez balitz bezala), eta hor nahasten dira ohiko susmagarri batzuk, hala nola George Soros edo Hillary Clinton.

Gertatzen dena da, QAnon-ekin lotutako teoria batzuek bereziki dirudirela eroak. Esate baterako:

  • Pizzagateeskandalua. Clintonen aldeko buruzagi demokrata batzuk pedofilia sare bat antolatua omen zeukaten, Washingtoneko Pizzeria baten inguruan.
  • Hollywood izar ugari eta Establishment liberaleko beste asko Satanen jarraitzaileak dira eta haurren sakrifizioan inplikaturikoak daude.
  • John F. Kennedy presidentea ez zuten hil: bizirik dago, eta, horra sorpresa, izatez "onen" alde ari da, hau da, Trump-en aldekoa da orain.
  • Plan bat dago milaka estatubatuar atxilotu eta denak Guantanamora preso eramateko. Covid-19aren gaixotasun faltsua aitzakia gisa erabiliko dute horretarako.

Azken puntu hau, eta Sorosen inplikazioa, lotu da azken aldian 5G eta Koronabirusaren paranoiarekin: badakizue, bakuna asmatuko du Bill Gates-ek eta nanobot batzuk ezarriko dizkigute 5G sareen bidez gu fisikoki eta mentalki kontrolatzeko. Honetaz Plandemic dokumentalaren artikuluan jardun genuen, zeinean Iruñea ere azaltzen zen... Hemen analisi bat nola lotu diren Koronabirusaren paranoiak eta QAnon konspirazioarenak.

Aukeratu nork erantzun diezaiokeen zure txioei Twitterren

$
0
0

Twitterrek aukera berria jarri du martxan aste honetan bere Web edo PC interfazean: nork erantzun zure mezuei aukera dezakezu. Berez gaituta dagoen aukera "denek erantzutekoa" da baina murriztu dezakezu zuk jarraitzen duzun kontuetara edo txioan aipaturiko kontu zehatzetara.

Goiko irudian ikusten duzuen bezala, euskaratuta dago aukera, baina ez oso txukun, nolabait esatearren. Lehen aukera lehenetsia da gauzak orain arte bezala uzten dituena, edozeinek erantzuteko aukera librea. Beste bi aukerak dira:

  • Jarraitzen diezun jendea --> Jarraitzen diezun pertsonek erantzun dezakete. (Zuk jarraitzen dituzun kontuetara murrizteko erantzuna) 
  • Aipatzen duzun jendea bakarrik --> Aipatzen duzun jendea bakarrik erantzun dezale (sic). (Ergatiboa gora-behera, txioan @ zeinuz aipatzen dituzun kontuek bakarrik erantzun dezakete).

Hori bai, badirudi txio murriztu hauek edozeinek bertxiotu ditzakeela, baita iruzkinekin ere. Hemen froga.

Dirudienez, aukera murriztaileak aukeratzea beti egin beharreko ariketa da, ezin da hobespenetan ezarri (edo ez dugu jakin nola). Hau da, beti dago hobetsia guztien erantzunen aldaera, murriztekotan txio bakoitzarekin egin behar duzu.

Euskaratze okerraren adibide pare bat, posteritaterako:

-----------

Viewing all 4924 articles
Browse latest View live